martes, 17 de diciembre de 2013

Azkena

Heldu da lauhileko amaiera, eta horrekin batera amaierako entrega. Aurrekoan aurkeztutako proiektuaren jarraipena edota garapena, hain zuzen ere. Arkitekturako fakultatearen lorategi txikian dagoen eraikinari soluzio bat bilatzea izan da oraingo honetan lana, bertan bi ikaslerentzako etxe bat sortuz, aurrekoan aipatu bezala.

Emaitza aurrekoan azaldutakoaren antzerakoa da itxuraz, baina aldaketa ugari ditu, zuzenketen ondoren burututakoak. Lehenengo aldaketa fatxadako leihoak. Hau izango da, beharbada, aldaketen artean esanguratsuena, edo behintzat gehien ikusten dena. Aurrekoan jarritako leihoek intimitateari ez zioten lekurik uzten eta horregatik, txikiagotu egin ditut, horrekin batera forma aldatuz.


Lorategiari dagokionean ere aldaketa txiki batzuk egin ditut. Lehen ezarritako hiru blokeen ordez bakarra jarri dut, lorategiko espazioa hain janda gera ez dadin eta aldi berean, espazio zabalagoa sor dezan, erabilgarritasuna handituz. Bertan geratu den blokeari, aurrekoan ezarritakoetatik erdikoari hain zuzen ere, banku bat ezarri diot eguraldi ona egiten duen egunetan lorategiaz eta eguraldiaz gozatu ahal izateko kanpoan eserita.



Barruko banaketari ere aldaketa ugari egin dizkiot, era horretan espazioa hobeto aprobetxatu eta erabiltzeko errazagoa izan dadin etxea orokorrean.



Proiektuaren beste funtsetako bat zen eskilara aurrekoan bezala mantendu dut. Kristalezko panel batek babesten duen eskilara da, mailak bata bestearen artean banatuak dituena, grabitaterik ez duen sentsazioa eman dezan. Eskilararen inguruan aldatu dudana inguruko hormak dira. Aurreko aldian proposatu bezala eskilararen kaxa kristalezkoa izateak egiturarekiko beharrezko ez ziren konplikazioak zekartzan eta horregatik, kendu eta horma arrunt bat jarri dut. 





Hau da, beraz, azken emaitza. Aurrekoan aipatu bezala, influentzia nagusia, beharbada Van der Rohe-k Bartzelonako pabilioian erabilitako kontzeptua izan da, panel edo horma solteen bidez espazioak sortzearena zehazki. Hortik abiatuta banatu dut lorategia eta baita barruko espazioa ere. 

Hemen uzten ditut planoen eta maketaren beste argazki batzuk, argiago ikusteko azken ideia nondik nora doan eta nolakoa den barrutik. 











Hau izan da dena proiektu honen inguruan, eta baita lauhileko honetan ere. Hurrengo lauhilekoan etorriko dira proiektu, ideia, maketa, plano eta buruhauste gehiago ;)