martes, 25 de febrero de 2014

Txabola Pasiegoa

Duela bi aste hasi ginen lantzen klase orduetan esku artean daukadan proiektu berri hau. Pas eta Miera haranetan kokatu ginen lan berri hau egiteko. Bertako paisaiak garbitzeko, bertako harriak jaso eta etxeak eraiki zituzten Burgosetik bertara joaten ziren artzainek, ardi eta animaliekin bertako larreetara igo behar zutenean egoteko leku bat. Denbora baterako etxebizitza bat zen, beraz, ez zen espazio oso handia. Gainera, ez zituen erosotasun asko ere biltzen, ez baitzen denbora luzean zehar erabilia. Pertsonentzat goiko solairua erabiltzen zuten, beheko aldea berriz animaliak gordetzeko, goian beroa lortuz era horretan.

Horrelako etxebizitza bat aukeratu, nahi dugun lekuan eta nahi dugun erakoa, eta eraberritzea izan da gure lana. 3 lagun gazterentzat etxebizitza ireki eta praktiko bat egitea erabaki dut nik. Mendian galduta, malda handirik gabeko leku batean kokatu dut. Esentzia mantentzeko kanpoaldean harria eta egurra bakarrik erabili ditut. Horri, leihoak ixteko beira ere beharrezko ikusi eta, leihoak berez direnak baino handiagoak egitea erabaki dudanez gero, material hori ere erabili dut.

Hau da aukeratu dudan lekua:


Eta hau, berriz, etxearen tipologia:


Barnealdean ere esentzia mantentzen saiatu naiz. Horretarako lehen erabiltzen ziren materialak erabili ditut, hau da, harria eta egurra, kasu honetan ere kristala gehituz bi horiez gain. Etxebizitza sinplea da, ez du altzari eta konplementu askorik, lehen bezala, denbora gutxian erabiltzeko etxea baitu. Dutxa, komuna, sukalde txiki bat, lasai egon ahal izateko egongelatxo bat eta hiru ohe ditu. Hiru lagunentzat denez, oheak bata bestearen ondoan daude, dibertigarriago egiteko bertan emandako denbora, lagunen artean.




Esentzia mantentzeko asmoz, beheko solairuaren altuera txikiagoa utzi dut, goikoa berriz zertxobait altuagoa. Beheko zatia baxuagoa denez, egokiagoa iruditu zait bertan kokatzea oheak, denbora gutxien emango den denbora delako. Sukaldea eta egongelatxoa goian jarri ditut, zati erabilgarriagoa eta funtzionalagoa iruditu baitzait.




Mendi aldean kokatutako etxola denez, ez dut uste izan intimitatea behar denik, jende gutxi pasatzen den inguru bat baita. Leihoak, lehen zirenak baino handixeagoak egin ditut, paisaiaz gozatu ahal izateko alde batetik, eta bestetik etxearen barrura argitasuna sartzeko.






Hau dena argiago ikusteko hemen uzten ditut egindako bi axonometrien pare bat argazki, bat barruko axonometriarena eta bestea kanpokoarena, etxearen tipologia eta distribuzio edo banaketa argiago ikusteko. Espero dut zuen gustokoa izatea, laister izango naiz buelta proposamen berriren batekin ;)



lunes, 10 de febrero de 2014

Izozkitegia, azkena

Aurreko astean hasitako proiektuarekin jarraitzera nator oraingoan. Enuntziatuak zioen bezala ariketaren helburua izozkitegia egitea zen, Ondarreta hondartza inguratzen duen pasealekuan zehar, nahi genuen puntuan. Nik leku hau aukeratu nuen


  

Uste dut leku egokia dela izozkitegia kokatzeko, arrazoi nagusi batzuengatik. Alde batetik, hondartzaren erdialdean dago, zeinak hondartzan dagoen edonorentzat eskuragarri egotea baimentzen duen, baita pasealekuan dagoen jendearentzat ere. Beste alde batetik hondartzara sarrera nagusietako bat da, izozkitegira jende gehiago erakarriko du, beraz.

Influentzia aurrekoaren bera da, Farnsworth House etxea hain zuzen ere. Influentzia hau aukeratu nuen kristalezko leku ireki bat delako eta horrek mugarik ez egotea baimentzen du, ikuspegiari dagokionean. Bestalde, karpintegiaren bidez, alboetatik guztiz ireki daiteke eta beraz, udan ia guztiz irekita egon ahalko litzateke, eta neguan berriz, barruan lasai eta berotan egoteko aukera ere emango luke. 
Plataformei dagokienean, itsasoaren olatuak hondarrarekin topo egiten dutenean sortzen den irudia errepresentatu nahi izan dut, irregulartasuna eta organikotasuna neurri batean erabiliz, ideograman ageri den bezala.



Albo batean komuna ikus daiteke nahi duenak erabili ahal izan dezan, taberna bezala funtziona baitezake eta beharrezko gunea litzateke kasu horretan. Leku publiko bat izanik, edozein pertsonarentzat irisgarri egitea ere erabaki dut, leku honetatik edonor pasa baitaiteke.


Plano batzuk utziko ditut hemen azpian azken emaitza hobeto ikusi ahal izateko eta baita maketaren argazki batzuk ere. Hau izan da, beraz, nire lanaren azken emaitza. Espero dut zuen gustukoa izatea ;)








martes, 4 de febrero de 2014

Izoztegiarekin, hasiera berria

Aurreko kuatirmestrea amaitu zen bezala, berri hau dator segidan. Oraingo honetan ere proiektu berri baten aurkezpena egitera nator segidan: izoztegi bat Ondarreta hondartzan. Duela bi aste hasi ginen proiektu berri hau lantzen klasean. Landu ahal izateko egin beharreko lehenengo gauza bertara joatea izan zen. Bertan geundela, hondartza pixka bat gehiago ezagutu eta arakatzeko aukera izan genuen, ingurua ikusteaz eta neurriak hartzeaz gain. Era horretan gure proiektua kokatzen has gintezkeen.

Astebete beranduago, duela astebete hain zuzen ere, ideia bat eraman behar genuen, erdi garatua edo behintzat orokorra, talde txikietan zuzenketa antzeko bat egiteko. Lehen ideia horretan pasealekuak altuera handia hartzen zuen leku batean kokatzea pentsatu nuen nire proiektua, pasealekuarekin lotura izan zezan eta zabalgune bat eskaini ziezaion bertatik pasatzen den jendeari. Begiratoki bat bezala har zitekeen zabalgune hori.


 Bestalde, kafetegi edo izoztegia bera, espazio itxia izango zena egiteko, Farnsworth House etxea hartu nuen erreferentziatzat. Hondartzan kokaturik gaudenez gero, espazio nahiko ireki bat behar du izan, itxitura handirik gabekoa. Farnsworth etxea beiraz egina dago gehien bat zutabe txikiek banatzen dutelarik beira hau. Terraza egiteko ere etxe honek erabiltzen duen sistema bera erabili nuen, altuera ezberdinetan eraikitako plataformen bidez hondartzarantz jaitsiera bat emanez. 



Aurreko klasearen ondoren aldaketa batzuk egitea erabaki nuen proiektua hobetzeko asmoz, aurretik hartutako influentziaren bidetik jarraituz. Modulua mantenduko nuke, altuera txikiagoko gune batean kokatuz, bertara iristeko errazagoa izan dadin jendearentzat, pasealekuaren altuera berean, alegia. Terrazen ideia ere mantendu dut, bi altueretan egoten jarraitzen dute, nahiz eta altuera txikiagoak hartu orain. Kristala inguratzen duen altzairuak neurri jakin bateko moduluak osatzen ditu eta neurri horrekin jokatu dut eraikin osoan eraikitzeko. Alboetan aterpe bat osatuko litzateke sarrerak kokaturik dauden aldeetan. Bestalde, erdiko moduluaren zutabeak atzerantz luzatuta, pasealekua zeharkatu eta bertan leudeke komunak. Horrela moduluaren elementuekin jolas bat sortzen da.

Hau dena egiteko ideia "hiritik datorren olatu bat hondartzan" sartzetik dator. Kasu honetan hiritik datorrena eta benetako olatuak elkar topatuko dira hondartzan beraien artean nahastuz eta lotura bat osatuz. Olatuak ideia orokor bezala hartuz bata bestearen gainean jartzen diren olatuak izango lirateke terrazak, apurtzen direnean eta itsas ertzera iristen diren unean egongo balira bezala. Hemen hori erakusten duen ideograma eta piktograma.







 Azkenik, oraindik bukatu gabe badaude ere, hemen uzten ditut kokapen plano bat eta goiko bista eta oin bat ere, aurreko azalpenak ulertzen lagun dezan. Biharko zuzenketaren ondoren etorriko da datorren astean entregatu beharreko behin betiko proiektua, duela bi aste hasi duguna.